AIZKOLARI BERRIAK. Baietz 5.

Parekatu



Gaurko egunean ordenagailuei esker hainbat lan egin eta erraztu daiteke. Nork bere etxetik edo lanlekutik mugitu gabe egin dezake lan. Edonork bere ordenagailuan programak eta informazio osoa eduki nahi izanez gero, telefonoaren bidez edo antzeko beste sistema baten bidez lotu beharko du bere ordenagailua sistema informatiko batekin, hau da, edonork behar duen informazio guztia bildu, sortarazi eta, edozein produktu bezala, saldu egiten duen enpresa batekin.

Ordenagailuen erabiltzaileei askoz merkeago eta erosoagoa zaie sistema informatiko horiekin lotu eta abonatu-faktura ordaindu, behar dituzten informazio eta programa guztiak eurek sortzea baino. Horrela, hainbat eta hainbat erabiltzaile, sistema informatiko horien bidez, beraien artean loturik daude. Erabiltzaileak, bai enpresak, bai erakundeak, bai agintariak, bai pertsona bakarrak izan daitezke.

Jakina, erabiltzaile edo bezero bakoitzak berak ordaindu dituen informazioak baino ezin jaso ditu eta bere aparailuak gordetzen dituen datuetan inor sartu ezin izateko, erabiltzaileak berak baino ez dakien kode batekin aurkeztu behar izaten du bere ordenagailuaren aurrean. Horrela, ordenagailuak kontrazeinua eskatzen dionean, benetakoa tekleatuz gero, aurrera egin ahal izango du; asmatu ezik "sartu" ezinik geratuko da.

Eta hau guztiau erronka erakargarri bihurtu da gaur eguneko aizkolari berrientzat, eurentzat sistema informatiko batean "aizkorakada" bat ematea jolas liluragarria baita. Orduak eta orduak emango dituzte beren ordenagailu pertsonalaren aurrean besteen ordenagailuetan "sartzeko" asmotan eta besteen ixileko datuak jakin nahian. Hori lortzen badute egundoko ohorea izango dute beste aizkolarien artean.

Nola egin daiteke hau, baina? Nola sar daiteke norbait beste erabiltzaile baten ordenagailuan? Aizkolari berri hauen lehenengo urratsa sistema informatiko bati lotzea izango da (oso erraza dena) eta, hau egin ondoren, beste erabiltzaile batzuen kontazeinua lortzeko eta, horrela, bere ordenagailuan sartu ahal izateko, mila konbinaketa eta trikimailu probatuko dituzte. Horretarako, lehenengo, beste erabiltzaileeen izenak edo izenen hizkiak lekuz aldaturik tekleatzen dituzte; honetaz huts eginez gero, ordenagailu programa bereziak prestatzen dituzte beren bilaketan arrakasta lortzeko.

Baina besteen datuak jakitea ez zaie nahikoa gure aizkolari hauei eta hurrengo urratsa eman behar izaten dute: "supererabiltzaile" izenekoen ahalmen guztiak lortu, era ez zuzenean erabiltzeko. Sistema informatiko guztietan "supererabiltzaile" batzuk egoten dira. Hauek sistemaren jabeak dira eta eurak dira datu guztiak aldatu eta erabili ahal dituzten bakarrak, sistema informatiko osoaren antolatzaileak baitira.

Aizkolarien jolas hau ez da txantxetakoa gero. 1988an Belgikako lehen ministrariaren ordenagailu ofizialean besteren batek bere gutun pribatuak irakurtzen zituela aurkitu zuten. Urte berean Estatu Batuetan 6.000 ordenagailu baliogabeturik geratu ziren hainbat astetan, aizkolari gazte batek, Robert Morris, birus bat nahita ezarri zuelako sistema informatikoan. NASA espazio ajentziaren ordenagailuetan ere, besteren batzuk sartu ziren, datuak aldatuz eta sarraskia handitxoak eginaz. Baina kasurik larriena, Alemanian gertatu zen. Han ordenagailu pertsonal bakar batez eta telefonoz, hiru gaztek NATOren informazio gordean sartu eta KGB sobietar polizia sekretuari saldu zizkioten jasotako datuak.

Kazetariek bataiatu zutenez, hura "aizkorakada" bat izan zen informatikaren munduan, eta hortik dator, hain zuzen, aizkolari izengoitia, "hacker" ingelesez.