Frekuentzia modulatuan, goizero,
goizero…
Honenbestez goizak eman duena izan duzu hori entzule maite, bihar ere
frekuentzietan galdu barik, hemen izango gaituzu, ondo izan…
Eta horrela, egunero agurtzen gaituzu entzule fidelenak. Zure ahots eztia
garrazten hasita egoten da ordurako, nekatuta, dardarka. Eta hurrengo goizera
arteko minutuen zain gelditzen gara, besteon eguna hastera doalako penatuta.
Eta aurpegian goizero marrazten zaizkidan izaren arrastoak uretan garbitzen
saiatzen naiz, gero tabernako zuloan itxura mantentzeko edo. Eta badakit
bazkalondoko kafearekin (azukre gabe) aurkitu zaitudala han, eta presaka,
urduri, balantzaka joaten naiz eguerdiko lehenengo minutuetan taberna
irekitzera.
Oraindik ere gogoan daukat, lehenbiziko aldiz zure ahotsari aurpegia jarri
nioneko hura. Ordura arte, tabernako barrara hurbiltzen ziren aurpegiei ahotsa
jartzen ohitua nintzen, ez ordea zurea hots eztiari aurpegi bat irudikatzen,
zure irribarrearen trazuak imajinatzen. Ezagutu zintudaneko eguna izan zen
hura, eta zuk artean, betiko zerbitzaritzat ninduzun, nik ordea luzez ezagutzen
nuen pertsona ikusi nuen aurrez aurre, eta ezagutu egin zintudan. Eta anonimo
nintzen zure begietara, baina zu zinen nire belarrietara eta begietara. Eta
pentsatzen dut maitasun radiofoniko bat zarela, edo bederen, ahotsaren parabola
bat, edo komunikazioaren hiperbole bat… zer dakit nik.
_____________________________________________
Eta artean, egundo ez dizut ezer esan, "Laurogeita hamabost"
baino ez, behin eta berriro, eta kikara alboan beti jartzen dizudan azukre
poltsatxoa erretiratzen dut, eta zure gozotasunaren zatitxo hori egunero
lapurtu. Eta ez dakit, gaur arte zenbat poltsatxo kolekzionatuko nituen,
ehunka, milaka, ez dakit… asko. Gozoa zara eta, asko. Eta irri egiten diozu
egunero, nire ateraldi xelebreari, azukrerik gabeko kafea hartzen duzula noiz
ikasiko dudan zain. Baina zerbait gehiago entzun gura nizuke, "kafe
bat" baino zertxobait gehiago… eta egunero imajinatzen zaitut
mikrofonoaren aurrean pausatuta, irakurtzen duzun notizia bakoitzari zein
aurpegi jarriko diozun galdezka. Eta entzun gura nuke, zure ahotsak irratiko
bozgorailuan kolpetxoak ematen dituen bitartean, tarteka zure arnasaren jolasa
nabaritzen den bitartean, merkadilloko galtzetin pareak merkatu direla, ogia inoiz
baino gutxiago garestitu dela, munduan justizia dagoela, bihar eguzkiak
esnatuko nauela… baina imajinatu gura zintuzket, niri hitz egiten, eta kafe
gozoenak azukre gabeak direla esaten eta zapore mingotsik ez duela uzten zure
mihi puntan, eta tira, kafe goxo batek pizten dizula eguerdiro barrena, eta
maite nauzula… Ezen egunero markatzen baitizkizut axota gorri batekin tabernako
egunkarian notizia kuriosoenak, biharamunean ahotsa jar diezaiezun… eta urduri,
nire baitan ezin kabiturik, itxaroten dizut irratiaren aurrean, bezperako ordu
txikitan amak zorabiatzen duen frekuentzian zure ahotsa aurkituaz, instante bat
bera ere galtzeko beldurrez. Eta batzuetan AModioan aurkituko zaitudala
pentsatzen dut, eta irri inozo bat marrazten da nire ezpainetan, eta frekuentziak
galtzen ditudan orotan bilatzen zaitut… frekuentzia modulatuan, modulatuko
nauzun zain… egunero entzuten zaitut, eta egunero ikusten…
Frekuentziak, kafeak eta trazu gorriak. Ahots gozoa dastatzeko, frekuentzia
modulatuari lotuta zuri muxu bat edo bi emateko. Trazu gorriak frekuentzietan
nahastu daitezen, maite nauzula entzun dezadan. Kafeak, frekuentzietatik ihes
egiteko, elkarrekin galdu gaitezen eta bion mingotsa, bion gozoarekin nahastu
dadila…
Eta goizero, egun ona opatu gura nizuke, lo orduen azkenetan izaratan
kateatuta. Eta hitzokin, bide batez zu agurtu eta bihar arte ikusiko ez
garenez, arrats ona opatu, eta biharko kafean itxarongo zaitudala esan.
Axota gorriaren trazugileak,
Bihar ere azukre gabekoa aterako dizut, seguru. Zure muxu gozo baten zain.