Irratiaren jabea. Miopeak,
bizikletak eta beste langabetu batzuk,
Erein.
Testua: Joseba Sarrionandia
Ahotsa: Arraio irratia. Oilategitik saioa.
Grabazioa entzun eta testuan azpimarratutako hitzen
sinonimoak bilatu.
Goiza Ezkurdin
pasatu nuen, aulkian eserita, irratia entzunez eta han urmaeletan bizi diren
ahate koloretsuei begira. Etxera bueltatuta ohe gainean etzutearekin batera
ohartu nintzen irratia falta zitzaidala. Etxea goitik behera errekistatu
eta ez nuen aurkitu zorioneko irrati hori.
Parkean utzia izango
nuen, han ezkurdian, edo hantxe egon nintzen, goiza eserita eman nueneko
lekura. Han ez zegoen, beraz ostu egin zidaten. Parkea hiruzpalau aldiz
zeharkatu nuen noraezean. Hiri honetan ezin da bizi, lapurrez beteta dago.
Etxerantz itzultzen nintzela, elbarri bati erreparatu nion autobus geltokian,
elbarria zela ohartu nintzen hormaren kontra eserita zegoelako, zangorik gabe.
Irratia entzuten ari zen. Bizkarra hormaren kontra, soina ohol zahar
batzuen gainean, zangorik gabe, irratia besapean, aulki gainean soina,
ipurditik gora soina, baina zangorik ez oholetik behera zintzilik. Irratia,
besapeko irrati hura, egia esan, beste edozein irrati izan zitekeen, baina nik
zeozer usnatu eta inguratu nintzen.
Irratia abrigo
azpian erdi gordeta zuen. Irratia ez da ezkutatzen entzun nahi baduzu, irratia
estaliz gero hainbat okerrago entzungo da, ez da abrigopean tapatzen,
gordetzeko edo ezkutatzeko arrazoirik ez bada behintzat. Bertaraino ailegatu
nintzen, autobusen zain zeuden beste sei-zazpi lagunen artean egon nintzen
elbarria zelatatzen, eta ene susmoa unerik une larrituz joan zen.
Bera zen, nor izango
zen ba lapurra elbarria baino! Elbarri kondizioak, elbarriari, desabantailaren atxakiarekin,
abantaila ederra ematen dio legeko jendea engainatzeko; sugea ere zangogabea
da, animalia maltzur halakoa! Autobusa heldu zen eta geltokiko jendea, behar
bezalako jende hura, joan egin zen.
Elbarriarengana ezari-ezarian
hurbildu eta, bat-batean, irratia kendu zion. Susmoa nuen bezala, banekien
bezala, ene irratia zen, eta laket zaidan emisora zegoen jarrita
gainera, arratsaldean zehar entzuten egon nintzen bera, egunero entzuten dudan
berbera. Elbarriak irratiari antenaren puntatik eusten zion oraindik,
begiak sumindurik begiratu zidan, ukabilkada bat jo behar nion
sudurrean, eta ez zen aski izan, espantuka hasi zen, eta ez zuen ene
irratia soltatu. Orduan eskuineko oin puntaz ostikada on bat jo nion
saihetsean, irratia soltatu zuen eta aldamenerantz erori zen,
suntsituta, arnasarik gabe. Etxerantz joan nintzen ene irratiarekin. Itzulera
bide hori lasaibidea izan zen enetzat, elbarriaren aieneak gibelean
utzita. Ez zait gustatzen etxera urduri ailegatzea, ohe gainean luzeran etzanda
irratia sabel gainean piztuta ene gogoko emisora entzutea gustatzen zait.
Eta gustatzen zaidan
emisora berbera nengoen entzuten. Orduan, begirada gelan zehar alderatu
zitzaidan, harik eta aulkiaren gainean, uzkur, isilkoi, mutu, ene irratia erreparatu
nuen arte.
Orain bi ditut.
|
a.
aitzakia b.
alborantz c.
arakatu d.
askatu e.
atzean f.
gorputza g.
gustuko h.
gustatzen i.
handitu j.
hanka k.
heldu l.
ikusi m.
iritsi n.
lapurtu o.
luzatu p.
mindu q.
nahiko r.
negar zotinak s.
poliki-poliki t.
susmatu u.
uneoro |