Ederra zait lanbide hau. Besteak beste esango nuke benaz gertatu diren istorioak kontatzeko aukera ematen didalako maite dudala. Neure arrazoiak baditut, aitortzen lotsarik ematen ez didatenak gainera. Idazten dugulako, ilun izan dena argi bihurtzen da; zati zena, oso; eta urrutikoa, etxeko. Baina idazleak ez bezala, bestelako zorra duelakoan nago kazetariak errealitatearekin. Labur esateko: ezin du gertatu ez dena idatzi. Badakit ez dela beti hala, baina izandakoak soilik lotu behar luke eskua, hura du ore eta ezin besterik izan gero irakurleari eskainiko diona. Horrela azalduta, bistan da, hartu beharreko esparrua zabalegia begitandu daiteke, eta zedarritu beharra dago, horretan ez dut mendreneko dudarik. Neuri dagokidanez, aspaldi bete nituen lan horiek. Aukeran, ez dut erredakzioko lana gogoko, ezin eramanekoa zait albiste agentziek behartutako bidea, gorroto dut erakundeek bultzatutako ospakizunen txistu airean dantzatu beharra. Askotan ez dut beste erremediorik baina. Eta zer idazten dudan ikusita lanaz galdetzen didatenean, ez okertzeko, ez dudala historia maite erantzun ohi dut, historiaren zabortegian galdu aurretik oroimenak berreskura ditzakeen istorioak direla nire galbidea. Horiexen ehizan nabilela pozarren diot. Horiexek bizi ditudala eta horiexek bizi nautela. Zulo bat uretan, Iñigo Aranbarri. Susa, 2008.
Liburu-saltzailea naiz ogibidez. Liburu-denda bat dut, neurea, eta bertan egiten dut lana. Gazteagoa nintzeneko eskemak aplikatuz gero, burges koxkor bat naiz, merkatarien klase ertain horretakoa, baina Karl Marxen Das Kapital-en tomo guztien gainean zin egin dezaket askoz gehiago irabazten nuela eta buru-kantsazio gutxiago nuela administrazioko langilea nintzenean, orain enpresari txiki bihurtuta baino. Ama Administrazioaren magal goxoa zergatik utzi nuen-eta, luze samarra izan liteke dena batera kontatzeko, eta geroxeagoko utziko dut hori ere. Liburu-denda bat daukat, beraz. Lihoaren penak konta nitzake orain, bertsio modernoan, eta Charles Dickensen nobela batean baino malko gehiago isuraraziko nuke irakurle sentiberen artean, baina ez dut halakorik egingo, ez orain eta ez gero, adarrik adar joanda basoaren ikuspegia galduko dugu bestela. Liburu-dendarioi —labur antzean azalduko dut, alor honen berri ez dakienarentzat— banatzaileek bidaltzen dizkigute liburuak; argitaletxe jakin bati loturik egon liteke banatzaile hori, baina gehienetan argitaletxe bati baino gehiagori eskaintzen die bere zerbitzua; hala denean, argitaletxeak eduki ditzake bere promotoreak ere, beren etxean ateratzen dituzten liburuak bereziki lantzeko eta promozionatzeko. Banatzaile nahiz promotore guztiak gure lankideak dira, nolabait esanda, haiek gabe guk ez baikenuke izango zer eskaini eta denoi interesatzen baitzaigu liburuak ongi saltzea. Baina, aldi berean, gure lehiakide ere badira, liburuaren prezioa zatitzean bati puska handiagoa ematen bazaio txikiagoa geratzen baita bestearentzat; eta, beste alde batetik, elkarren etsai amorratu izaten dira askotan banatzaile batzuk eta besteak, enpresa bateko eta besteko promotoreak, denek nahi baitute ahalik eta tokirik handiena beren produktuentzat, denek estutzen baikaituzte dendariak, beren liburuak aholka diezazkiogun erosleari. Bizitza homeopatikoak, Xabier Mendiguren. Susa, 2008, narrazioak.
Egunkarian aritu den urte hauetako umilazio handienak azken urtean bizi izan ditu, beti Fidelen eskutik, Fidel garraztuaren eskutik. Orria esku batean eta errotuladore gorria bestean gerturatzen zaionean, ezin izaten du ezkutatu nazka aurpegia. Bere artikuluetan gero eta aldaketa gehiago proposatzen dio eta lepoko zainak loditzen sentitzen ditu Nereak aldaketekin ados ez dagoela esaten dionean, gauzak ez direla horrela esaten dionean, eta Fidelek erantzuten dionean, badakizu non egiten duzun lan, ezta? Etika periodistikoa nagusiekin izandako bileraren bateko mahai gaineko hautsontzian utzi duela esateko gogoa izaten du Nereak, eta hain justu horregatik dagoela gaur dagoen lekuan, hauts bihurtu zaiolako ofizioaren duintasuna. Fidel ezin hobeto egokitu da egungo kazetaritzaren legeetara. Horiek guztiak esan nahiko lizkioke, baina isilik geratzen da. Baina gaur eztanda egin dio zerbaitek barruan. Amaren inguruko galderen ondoren, idatzi duen artikuluaren izenburua goitik behera aldatzeko proposatu dio Fidelek, idatzitako berriaren norabidea guztiz aldatuz, testuan jarraian azaltzen duen guztia erabat baliogabetuz. Amaren eskuak, Karmele Jaio. Elkar, 2007.
Sarritan galdera hau egiten dizute: “Zer izan nahi duzu handitzen zarenean?” Eta batzuetan zuk honela erantzuten duzu: “Sendagile, kantari, gozogile… Eta gehienetan, ostera, zure erantzuna hauxe izaten da: “Oraindik ez dakit”. Niri ere, haurra nintzenean, sarritan egiten zidaten galdera hori. Eta batzuetan nik sendagile, kantari edo gozogile izan nahi nuela erantzuten nuen. Eta gehienetan, ostera, zer erantzun ez nekiela geratzen nintzen. Beharbada gazteegia nintzelako, beharbada artean ez nekielako. Haurra nintzenean ere asko irakurtzen nuen. Gainera, potolo baino potoloagoa nintzen eta, lagunekin jolasten primeran pasatzen banuen ere, nahiago izaten nuen zer edo zer gozoa jaten eta zer edo zer polita irakurtzen aritzea. Baina handitzean zer izan nahi nuen galdetzen zidatenean sekula ez nuen “Idazle” izan nahi nuela erantzun. Beharbada idaztea baino gehiago irakurtzea gustatzen zitzaidalako, beharbada idazlerik ezagutzen ez nuelako. Hala ere, urteak igaro dira eta gaur egun haurra ez , potolo ere ez eta idazlea naiz… Hara. Gauzak nola diren. Sekula amestuko ez nukeena. Eta iruditzen zait idazle naizela, ipuinetan, nahi dudanean sendagile izan naitekeelako, nahi dudanean kantari izan naitekeelako, nahi dudanean gozogile izan naitekeelako. Jendaurreko irakurketak, Patxi Zubizarreta. PATARIAREN ITZULERA Mendi altu xamarrean otso zarrak marmarrean; oiek gosiak egoten dira amaikatik amarrean, Jaunak aparta animali bat alakuaren aurrean. Uztapide Otsoa non aipa han gerta. Antzinako euskal esaerak adierazten digu otsoaren izaera totemikoa. Ahaltsu edo arriskutsutzat jotzen diren animalien izena ez aitatzeko tabua ohikoa izan da, eta da, munduko kultura anitzetan; eta zer esanik ez geurean, non izena duen guztiak izana daukan.
(Nire aurrean, Arabako Murgiako Oihan eta Nekazaritzako Lanbide Heziketa Eskolako neska-mutikoek espero nuena baino arreta handiagoz jarraitzen dute hitzaldia. Gaitz erdi, hizlari kaskarra naizela aitortu beharra daukat. Hitzetik hortzera egin ordez, apunteetatik irakurtzen ari naiz). Manex Imiruri nauzue, eta Nafarroako Gobernuarentzat lan egiten dut urtebeteko kontratuarekin. Luzatuko den kontratua, espero dut! —irribarre kidetsuak—. Nekazari eta abeltzain gizarteak eta mendiko faunaren arteko gorabeherak ikertzea da nire betebeharra. Gertaerak, mitologia, etnografia, harremanak... historikoak eta gaur egungoak. Argibide horiekin, Administrazioak faunaren babesaren aldeko plangintzak egitean, laborarien aitzinean sinesgarritasuna eta eraginkortasuna bilatu nahi du. Ez da lantegi erraza izango, urte askotako ezinikusia baitago kalteak eragiten dituzten ihiziekiko. Belaunaldiz belaunaldi erroturikoa. Nik guztien artean polemikoena den basapiztia aukeratu dut, bere inguruko gauzak gaur zuei kontatzeko. Otsoa, patarien arteko Pataria. "Patariaren itzulera", Abere madarikatuak, Antxon Gomez. Susa, 1997, ipuinak.
|
BEGIA ETA BEGIRADA "Mis ojos en el espejo son ojos ciegos que miran los ojos con que los veo". Antonio Machado.
Egiptoren mitologian begitik sortu da mundua. Sinbolika kristauan ere, egiptoarraren semea delarik, Jainkoa begi handi bat da, zerutik begira. Interpretazio misteriotsuago batean, begiak ditugulako, hau da, gauzak ikus ditzakegulako dira gauzak errealak. Begia argitasuna da. Argi haste edo egunsentia adierazteko, honela izkiriatzen zuen Johannes Leizarragak: "Eta argiaren begian berriz ethor zedin tenplera" (Joan, VIII-2). Euskaraz, "gela itsua" esaten zaio gela ilunari. Begia kontzientzia ere bada. "Pertsona argia" esaten da ahalmen handiko gogoa badu eta, alderantziz, "guztiz itsua da" esaten da inkontzientzia badu. Izan ere, begia da gogoarekin erlazio gehien duen gorputz zatia, eta begiak dira kontzientziaren eta imajinazioaren organoa. Giza arteko erlazioan begiak dira lokarri edo bereizgarri funtsezkoenak. Euskaraz begiaren arabera adierazten da gizaseme bakoitzaren besteekiko jarrera. "Begietsi" esaten da, esate baterako, oneritzi esan nahiaz, "begi zohardi" esaten zaio pertsona alai eta zabalari, edo "begitan hartu" mesfidantzaz hartzea da, eta "begigoa" edo "begizkoa" esaten zaio gorrotoari, madarikazioari. Begiak eta begiradak, butzu biluziok, arimaren azalpen dira, arimaren lokarri. Horregatik, begiena da anputaziorik izugarriena; Un Chien Andalou filmeko fotograma hura oroitu behar da. Begia zauritu edo galduez gero, pirata zaharrek edo zinegileren batek bezala, estali egin behar da, izuari lekua utziko ez bazaio. Pintura begiratzen, nik begiak begiratzen ditut. Kuadro ingles batean, adibidez, John Everett Millais prerrafaelistaren Udazkeneko Hostoak, 1856 urte aldekoa, adin desberdineko lau neskato ageri dira larrean hostoak pilatzen, eta bakoitzaren begirada desberdina da, bakoitzaren begiak arimaren hari sekretuen lokarri dira. Beste kuadro hunkigarri bat, Edwuard Brune-Jones prerrafaelistaren Merlin Liluratua, 1874 urtekoa, Merlin zaharra arrama loratuen artean geratu eta Nyneve Lakukoa bere jakituriarekin aldentzen zaionekoa, elkarren begiradak ezin adierazgarriagoak dira, Merlinen begi sartuak eta aurpegi zurbilduan ilunak, eta damaren sedukzio begiak, iadanik erdi harrituak erdi inozenteak. Gero, Pablo Picassoren kuadroak begiratu behar dira, begi kubistak, XX. mendearen begiak. (Martxoak 14) Ni ez naiz hemengoa, Joseba Sarrionandia. Pamiela, 1985.
0. BI PROPOSAMEN Literatura, Joseba Sarrionandiaren ustetan, hasiera eta amaierarik ez duen errealitateari hasiera eta amaiera bat ematea izango litzateke. Horregatik, eta literaturak txantxa eta trufarekin zerikusi handia duelako, irakurraldi honen hasiera-amaierak zehazteko jolas bat proposatuko dizuet ezer baino lehen. Egia esatera, jolas aski ezaguna da jarraian proposatuko duguna, baina josteta gehientsuenekin gertatzen den bezala, ezaguna izan arren seguruenik atsegin izango zaizue berriro ere jostatzea. Hala baldin bada, tira, aukera ezazue 1 eta 9 arteko zenbaki bat; biderka ezazue bederatzirekin (x9); atera zaizuen emaitza zifra bakar batekoa bada, gogoan hartu besterik ez duzue egin behar, baina bi zifrako emaitza atera bazaizue, egizue bi zifra horiekin batuketa (esate baterako, 63 zenbakia baduzue, 6+3=9); azkenik, daukazuen zenbakiari kendu bost (-5), eta hemendik aurrera nork bere zenbakiarekin egingo du jolas. Zailena egina dago. Orain zenbakia letra bihurtuko dugu, eta horretarako egokitu ezazu zure zenbakia alfabetoan dagokion letrari (esate baterako, 9 zenbakia baduzu, a, b, c, d, e, f, g, h eta, beraz, bederatzigarren den i letrari). Eta orain, letra hori zeure gogoan atxikiz eta, erne, aldamenekoari ahopeka esan gabe, erantzun azkar galdera honi: pentsa ezazu zure letrarekin hasten den Europako estatu baten izena (esate baterako, i letra bazenuen, besteak beste Italia pentsa zenezake). Ez, otoi, ez iezaiozu zure albokoari ezer esan eta segi dezagun jostatzen. Egin alfabetoan jauzi ttiki bat, egin letra bat aurrera (lehenagoko adibidearekin jarraituz, j) eta erantzun azkar bigarren galdera honi: pentsa ezazu letra horrekin hasten den animalia handi baten izena (j letra izanez gero, besteak beste jirafa pentsa zenezake). Jolas honetan atera zaizkizun erantzunak, oraindik ere gogoan gorderik eta ondokoari esan ez dizkiozunak, seguruenik hauexek izango dira: estatua, Danimarka eta, animalia, elefantea. Bai, ezta? Mila eta bat aukeretatik mila horrela atera izan dira; jeneralean, bakarren bati, normalean asmo makurreko bakar bati, bururatzen zaizkio Deutschland edo errinozeroa bezalako erantzun bihurriak. Ongi da, jolasa amaitu baldin bada, galdegin dezake norbaitek, zeintzuk dira irakurraldi honetarako atera zaizkigun hasiera-amaierak? Tira, ba hasiera Danimarka izango da eta, amaiera, elefantearen bizilekua den Afrika. Eta horixe da, hain zuzen ere, gure bigarren proposamena: bi toki horien artean bidaia bat egitea; bidaia baino gehiago hegaldi bat, izan ere Selma Lagerlöf idazle suediarrak mutikotxo bat, antzara baten hegaletan eta Suedia zeharkatuz, imajinatu zuen bezala (oroituko duzuenez, liburuak Nils Holgersson-en bidaia miresgarria zuen izena), guk zikoina baten hegaletan egin dezakegu Danimarka eta Afrika arteko bidaia, zeren elefante baten gainean bidaiatuko bagina, luze, oso luze joko bailiguke. Baina amaierarako kontinente bat hautatzea oso zabala denez, gure helmuga doi bat zehaztu, eta Maroko aipatuko dugu, eta are gehiago zehaztuz, Marrakex, izan ere, funtsean, hegaldi eta irakurraldi honen helburua errealitate edo literatura arabiarrera inguratzea eta hura gainbegiratzea izan baitaiteke. Zikoinaren hegaldia, Patxi Zubizarreta. Fundación Bilbao Bizkaia Kutxa Fundazioa, 2000.
Nork ez daki Euskadin musetara jokatzen? Jokaldia txandaka doa: «handitara», «txikitara». «pareak» eta «jokua». Baina majia eta interesa inbiteetan daude. Eta apostuan. Aldi bakoitzean harriak deiturikoak postura egin ahal dira. Eta norberak, arerioaren teknika eta nortasuna buru belarri aztertuz gero. (inbitearen barruan gezurra ala egia baitatza) dema hartuko dio ala ez, ikerketen emaitzaren arauera. Inbitea ala «paso», horixe da aukera. Guztien gogoak nabari direnean kartak erakusten dira, azkenean. Bitartean, egin eta hartutako demak buru bakoitzean. Eta kontaketa denon artean: host harri, hamarrekoa. Zortzi hamarreko eta kalera. Noizean behin, beharbada harrokeriak urrunegira eramanez —edota benetako karta ederrak izanez— bat batean dena jokatzen da. Hor dago eta kitto. Ikusiko da nor irabazle. “Hor dago”, Eukene Martin. Aurten ere diferente izanen da, Zenbait egile, ipuinak. Susa, 1985.
Lehendakari jauna: Zuregana jotzen dugu zuzenean herri honek zu zauzkalako ordezkari nagusi, eta azaldu behar dizugun kontuak berebiziko eragina eduki dezakeelako gu denon etorkizunean. Amaia Aranguren Lesaka eta Rodolfo Pérez González gara, euskaltegi batean ezagutu genuen elkar; Amaia irakasle, Rodolfo ikasle. Aurkitu dugu, jauna, -eta esaten duguna frogatzeko prest gaude zuk aukera eman orduko- euskalduntzeko metodo ezin hobe bat. "Aurkitu" diogu, eta ez "sortu", euskaldunengan baitago. Ez genuke idatziz zehaztasun gehiago jarri nahi, emaguzu zurekin egoteko modua eta den-dena azalduko dizugu. Pertsona serio, erantzule eta ganorazkoak gara. Emaguzu ordubete, jauna; zinez merezi du. Zurekin egoteko ohorea edukiko dugulakoan, laster arte. Gerturik daukagu odola, Joxean Sagastizabal. Pamiela 5, Gazte literatura, 2005.
Alkate jauna: Izenpetzen duen udaltzain honek atseginez jakinarazten dizu: Joan den ostiralean, Minguez eta Zubillaga zinegotzien eskaeraz, paisanoz jantzita, zerbitzu berezi bat burutu nuela. Zerbitzua gaueko 21.00etan hasi nuen eta Asunción Roa Goñi prostituzioan aritzen zela konprobatu nahi genuen. Hartaz, Minguez zinegotziarekin, beronen kotxe partikularrean, Kale Nagusira, Lekuona funeraria dagoen horretara, abiatu ginen. Gau askotan, 21.10 inguruan, SS-8150-S matrikuladun Citroen GX batek hartu egiten baitzuen aipatu emakumea. Oraingo honetan berriz, bestela egin zuten, bere etxera, Lasarte kaleko bigarrengo portalera, joan baitziren hartzera. Beste bi emakume zihoazen kotxean, eta gizonezko bat, bolantean. Hartan hasi genuen segimendua, eta Ordizira ailegatu ginen, «Nadina» izeneko klubera. Denbora puska bat pasatzen utzi eta gero, aipatu klubera sartu ginen biok eta Asunción gizonezko batekin hizketan ari zela ohartu ginen. lkerketa bukatutzat jo eta herrira itzuli ginen. 00.06tan bukatu nuen zerbitzua, zeina ordu estra moduan ordain dakidan eskatzen dut, zerbitzu ofiziala 22.00etan bukatzen dut eta. Ezagutu eta bidera dezazun jakinarazten dizudana, Roberto Zulueta, udaltzaina "Ihesbide tipi bat", Kristalezko bularrak, Pablo Sastre. Susa, 1990, ipuinak.
|
|